| |
Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburua den Gasteizko Erdi Aroko Hirigunea Birgaitzeko Plan Bereziaren (PERI) behin-behineko onespena dela eta, hirigintza-proposamenik garrantzitsuenak garatzen dituen “Landatxo Hegoaldeko” Plan Zuzentzailearen diseinuari ekin zaionez, sortzezko hiriko antzinako harresietan arkeologia-arrasto garrantzitsuak aurkitu direnez eta hormatalak berriztu direnez, Gasteizko Udala Hiria Birgaitzeari buruzko Nazioarteko VII. Topaketak antolatzen ari da. Topaketak datorren azaroaren 9tik 12ra bitartean izango dira hiriko Villa-Suso jauregian.
Topaketa hauetako gairik nabarmenena Harresidun Hiriak izango da. Horrelako hirietako gorabehera historikoak, hirigintza-ezaugarriak eta iraganeko, oraingo zein etorkizuneko potentzial espezifikoak aztertu nahi ditugu, gure gaur egungo industriondoko kultura honetako eskala, ikuspegi eta baloraziotik begiratuta.
Helburuetako batzuk honako hauek dira:
- Hainbat esperientzia eta hurbilketa elkarri adieraztea ikuspegi orokorretik, ondarezko zentzua parametrorik garrantzitsuenetakoa izaki.
Harresiak, eraikitako ondare historiko eta kulturaltzat ez ezik, gure hiri-lurralde hauskorren garapen orekatu soziokulturala, ekonomikoa eta iraunkorra lortzeko aukera-iturritzat ere hartzea.
- Esparru horietan esku hartzearen arazoak eta zailtasunak aztertzea, birgaitzeko ohiko politika guztiak eztabaidatu eta trukatzeko, irudimenezko irtenbideak eta eredu aplikagarri berritzaileak proposatuz.
- Europako eta Iberoamerikako harresidun hiriez osatutako balizko sare bat eratzeko oinarriak finkatzea, lankidetza-proiektu zehatzak garatzeko nazioarteko finantzaketa-funtsak eskuratzeko helburuz.
- Gonbidatutako hirien artean edo haietako batzuek gerora elkarrekin eztabaidatu, landu eta garatu ditzaketen ekintza eta proiektuetarako hasierako ideiak identifikatzea.
Ekimen honi aurre egiteko adituen eta hirien hautapena egin da. Horiek 2006an anbizio handiagoko Biltzarra antolatzeko aukera aztertuko dute, Asiako eta Afrikako harresidun hiriek ere parte hartuko luketelarik.
|